Feminismoaren ildo teorikoa, aldarrikatzen duena, besteak beste, emakumeek gizonen eskubide eta aukera berak izan behar dituztela. Helburu horiek lortzeko, korronte honen ustez ezinbestekoa da
berdintasun formala edo legezkoa bermatzeaz gain kontratu sozial berri bat ezartzea.
Berdintasunaren feminismoa/diferentziaren feminismoa dikotomia 1970eko eta 1980ko hamarkadetan zabaldu zen, eta batez ere Europa kontinentalean izan zuen garrantzia. Garai hartan, feminismoaren barruko eztabaida nagusietako bat zen ebaztea zer ikuspegitatik heldu behar zitzaien feminismoaren helburuei, hau da, gizonekiko berdintasunarekin lotu behar ziren ala emakumeen eta gizonen arteko nortasun-diferentziei erreparatu behar zitzaien, baldin eta halakorik balego. Gaur egun, onartzen da bi ikuspegi horiek ez daudela nahitaez kontrajarriak, askotan elkarren aurkakotzat agertzen badira ere.